|
|
|
| Home | American Libraries | Canadian Libraries | Universal Library | Open Source Books | Project Gutenberg | Biodiversity Heritage Library | Children's Library | Additional Collections |
| Anonymous User (login or join us) | Upload |
Author: xabi strubell
Keywords: xabi strubell; euskal poesia; euskal herria
Language: Basque
Collection: opensource
Nire lehen poesia liburua da. Bidaia bat da euskal kulturan barrena, artearen, hizkuntzaren, sentimenduen eta emozioen harietatik tiraka. Gai kolektibo zein pertsonalak ukitzen dira. Bertsio zuzendua da.
Creative Commons license: Attribution-NonCommercial-ShareAlike 2.5 Spain
![[0.0 out of 5 stars] [0.0 out of 5 stars]](/images/no_star.png)




Reviewer: dj_ura - - October 17, 2008
Subject: LIBURU OSUA IRAKURGAI - jeisteko jo ezkerreko karratura (bertan DOC)
Lauki bat zen.
Nik dakidala, etzen boxeo ring bat.
Etzen ere laugarren pareta apurtu behar zaion
antzerki eszenatoki bat.
Ezta musika oholtza bat ere.
Lauki bat zen.
Begia eta gogamena.
Ahoa, airea eta hitza.
Nahaskeri hortan harrapatuta.
Lauki bat zen, baina
lauki bat da.
Hondarretan marraztua, adibidez.
Gure gutasunaren tamainan hondarretan marraztutako laukia.
Gure izerdiak, kolpeak, tentsioak.
Indarren talka.
Zirkuluak eginez, besoen joan-etorria.
Zuganako eta niganako
kiribilak.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Hitza.
Mundua hasperenetan harrapatuta.
Eskua.
Mundua iruditan harrapatuta.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Gramatika oro ehiza da.
Amarrua da hizkuntzaren ama
eta astelehen beltzak ondorena.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Zaldiak ikusten ditut
arbelean,
eta behor haurdunak
belearen hegaldian.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.
Gramatika oro zaldi ero bat da
bakero bat duela atzetik segika.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Ñir-ñir batean nauka.
Emagina.
Begirada sakona.
Adats beltz distiratsua.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Olatuaren gainean nindoan
lehen sorgin zorrotzak
besotik eraman ninduenean,
sasitara bota
eta barrez lehertu nintzenean,
nire gorputza desagertu zenean,
orduan ikusi nituen lehen faseko irudiak.
Sareak begien aurrean.
Sare geometrikoak.
Betiereko bidaiaren
sare berberak.
Dantzan eginez,
far eginez,
zelaian etzana
zerura begira,
edo bordan saltoka.
Gizatasun ederrean.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Jakintza tazituak
gidatzen gaitu
begiaren bidean.
Behiak ikusten ditut harrobietan amilduta.
Altzairuzko eraikin mardulak.
Limoi ura irakiten.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Orain poesiarik ez da.
Orainaren uhainetan
soilik uneguneak.
Willendorf-eko amamak esan dit
aro berri bat etorriko dela.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Gogamena.
Gugeujaim museoan
kuadro bat zintzilikatu dute,
oinutsik sartuta
arratsaldeko lauetan. Bihotza.
Banksy-k ere eginak ditu horrelakoak.
Eta burtsak hondoa jota,
hondoko hondarrak bazkatzen.
Zaldietaz oroitzen naiz.
Gramatika oro amarrua da.
Zenbakiak ikusten ditut arbelean,
gainbeheraren grafikoak,
eta estatubatuar batek
bere familia akatu duela.
Xifra oro amarrua da.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Lauki bat da
nire etxea,
laukia zurea.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Arparen doinuak harpeetan,
eta oihanaren soinuak.
Zenbait etxeko-lan
eta zu laukian.
Larrosa eta beltzez tindatua
oroitzen dut laukia,
non-nahi dagoen agertokian,
emagina eta poeta
itxialdi musikalean.
Ez duzu dantza egiten
dantzarien gauean.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.
Dantza oro amarrua da.
Mar-marraren erdian
menda eta marrubia,
edabe debekatuak.
Zure laukiaren erdian
txistuak jotzen du,
holakoetan.
Euria egingo duen edo ez.
Nire lagun zahar batek:
begien poesia eramango dela
hurrengo denboraldian.
Sinistu edo ez,
azken boladan
dena dator
begietan
barrenera.
Ravel loopatu dut,
harrapatuta utzi dut segundo batean.
Loop oro amarrua da.
Zure sabelaren erdian
sagarra
eta kalabaza,
zenbait kantu zahar
eta berriak...
tarteka.
Kaosa,
anabasa oro,
amarrua da.
Anabasa ezpaitago hitzetan harrapatzerik.
Haur eskutxoak
mundu berriak zabaltzen,
musikaren periferietan.
Menda-belarren artean jaio nintzen.
Euria hasi du orain.
Zalaparta batean sartu zara
nire bizitzaren eretan.
Gorri, beltz eta zuriz
marraztutako
lauki bat da.
Txamanaren eskuetan akorde errepikatua,
euria eta
erritmoa.
Erreta dago baratza.
Lauki oro amarrua da.
Sorgin zorrotzak
behi kaka artean
zelaietan hazten dira
balada berrien doinura.
Zazpi errota berri,
zazpi jauregi xuri.
Begi poesia.
Azalorearen erdian jaio nintzen.
Gortasuna planifikatuta.
Industriaz solastu nahiko nuke,
bele eta zozo artean,
baina beranduegi da
amiantoaren esanetan.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Hitza.
Mundua hasperenetan harrapatuta,
begia segika duela.
Haritz bat jarriko dut
laukiaren ertz bakoitzean.
Eskua.
Mundua iruditan harrapatuta,
hitza segika duela.
Urki bat jarriko dut
laukiaren ertz bakoitzean.
30 segundoko kanta bat
daukat
buruan.
Ez litzateke
kanta arrunt bat.
Ekaitzara igo ginenekoa edo
sumendiaren sakonera iritsi ginenekoa
islatu nahiko nituzke. Garrotza.
Biziberri bat besterik ez.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Segundo oro amarrua da.
Orri zuria
daukazu aurrean.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Azken agurraz hitz egin genuen atzo,
baina azken egurra besterik ez dut entzuten.
Agur oro amarrua da.
Gogamena eta idazkunen amarrua.
Gogamena eta txikotearen amarrua.
Gogamena eta armarrien amarrua.
Dizdira ikusten dut
badiaren bestaldean,
eguna argitzen ari da.
Diplo disko-jartzaileak bere sesioa hasi du katuaren kaleko tabernan.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Gogamena.
Oraingoz lau katu.
Erreduplikazioaren gaiak arduratu izan nau.
Nahiko euskara zaharra ei dago hor, gure erreduplikazioetan.
Agian Oteiza modu hertsiegian irakurtzeak
buruko min bat baino gehiago erakarri dit.
Oteiza oro amarrua da.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Barrualdean gu.
Kanpoaldean beste dena.
Kanpoaldea ulergarri egingo diguten hitzak bilatzen ditugu, beti.
Barrualdea bizigarri egiteko.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Mundu oro amarrua da.
Noizpait entzun edo irakurri nuen
mundu hitzaren adiera desberdinetaz.
Erromatarrek hiri bat fundatzean
zulo borobil bat egiten zuten,
eta horri mundu esaten zioten.
Hiri orok zeukan bere mundus-a.
Hiri oro amarrua da.
Hitz potoloz
Arrazoiaren alde egin du baten batek,
egunkariren batetan,
memoriaren kontra eta arrazoiaren alde.
Arrazoia amarrua da.
Arrazoi oro amarrua da.
Kanpoaldean beste dena.
Euriak atertu du orain.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Urkamendiko bidea hartuko dugu.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Dantzan ari ginen,
Jazzaldian,
eta inguruko guztiak
izoztuta bezala,
etzuten oin bat bestearen atzetik dantzan jartzeko
asmorik.
Eta pozik begiratzen genuen elkarri.
Nire barrualdean duda,
hau izango ote da poztasuna.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
"Bukatu da genero perrua,
heldu da genero humanua"
eta horrelako harribitxiak
dabilzkit buruan
azken boladan.
Barandiaranen irakurketa hertsiegia, agian.
Barandiaran oro amarrua da.
Gure mundu txikian,
erromatarrena baina are txikiagoa dena,
dena da eskapoan doan denboraren oihartzuna.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Beti nahiago izan dut Engels
Marx baino gehiago,
agian ezjakina naizelako.
Estatua,
familia,
jabego pribatua...
jaio zirenekoak.
Gu hor ginen (ziur aski),
baina etzaizkizu etorriko kazetariak galdetzera.
Haurrak gora begiratzen du. Aita tematuta dago lurrera begiratzearekin. Behera begira bilatzen baitu aintzinatea. Eta haurrak esaten dio, aita begira gora!
Altamira.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Haurrak kontzientzia hartu zuen egun hartan. Nolabait gazte eta helduentzako egiten ziren errituak. Tarteka uzten zieten haurrei eskuekin bazterrak nahasten. Eta, izan ere, harpeetako paretetan haur esku ahurrak ageri dira. Baina egun hartan harpeko zaldiek bizia hartu zuten, 7 urte besterik ez zituen haurraren gogamenean.
Sorgin zorrotzak prestatzeko errezeta:
Oliotan egosten dira zartaginan. Su motelean. Gero olio harek sustantziak hartuko dizkizu. Gero, ogia oliotan busti eta pintxoak prestatu. Ahuntz gaztarena, adibidez. (Hondarribian entzuna).
Tai-txi ikastaroan
dena da berria
hasieran.
Mundu ikuskera desberdina,
esango nuke baita bioerritmo desberdin bat ere.
Ariketetan nire kuttunena
"zaldiaren isatsa laztantzea".
Ariketa oro amarrua da.
30 segundoko kantaz hitz egin dizut.
Izan liteke adibidez irrintzi bat.
Zaldi trosta batek lagundua.
Gu eta beste guztiaren arteko distantzia
espresatu nahiko lukeena.
Lokatzetan gizakiratu gineneko teoria dut oso gustukoa.
Etxekoandre batek planteatua da.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Mostar-eko zubia berriz altxatu dutela,
eta gerraren krudela,
eta hiri turistikoa delako,
eta sektore turistikoaren interesak.
-"Zatoz Bosniara!"
Dub musika.
Hatsaren taula
hats,
hasperen,
aspertu
haserre,
atsegin,
atseden,
atsekabe...
(Gustuko ditut sasi-etimologiak)
Noizpait pentsatzen egon nintzen,
txinatarren filosofiaz oroituta,
euskaldunek emozioak
arnasarekin jarriko zituztela harremanean.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Deiak noraezean.
Noizpait ibilia nago
talaia batetik deika
nori deitu ezean
eta nork erantzun ezean;
nori-ezean,
nork-erantzun-ezean,
noraezean...
baina orain ez naiz hainbeste kezkatzen,
nora guztiak hezeak dira.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Mongoliako aran argi-argi batean,
ibar argi-argi batean,
bada denda bat, argi-argia.
Bertan,
emakume bat. Argi-argia.
Bere baitan
ahots bat, argi-argia.
Bere ahotsaren harmonikoek
harresi bat botako lukete,
baina berak nahiago du
bere hortan jarraitzea,
bere kantua argi-argia baita.
Hitza.
Mundua hasperenetan harrapatuta,
begia segika duela.
Zaldien gramatika.
Harpean dago gogamena.
Harpean sortu zen artea, atzo.
Eta hitza sortu zeneko egoeraz dihardut,
sorgin zorrotzak tartean zirela.
Nola lehen fasearen ondotik
(gogamen edo kontzientzia alterazioaren bidean)
datozen bigarren faseko irudiak.
Geometrikotik konkretura.
Konkretutik supraerrealera.
Animali burudun gizakiak,
burugabeko animali gizakituak,
gizaki burugabeko eta animalitasun-gabeak.
Ziur aski gu hor ginen,
baina etzaizkizu etorriko kazetariak galdetzera.
Haritz bat jarriko dut
laukiaren ertz bakoitzean.
Eskua.
Mundua iruditan harrapatuta,
hitza segika duela.
Estetika orokorra
eta
semantika orokorra.
Artea.
Eskua kiribiletan zabaldua,
munduari zentzua emanez.
Arbela eta klera.
Zaldia. Harrespila.
Oina. Txorkatila.
Urki bat jarriko dut
laukiaren ertz bakoitzean.
Zaldiak ikusten ditut
arbelean,
eta behor haurdunak
belearen hegaldian.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.
Begiak,
mendabelar-urez bustiak,
irria,
begiak sakonak, ilunak, nabarrak...
limoi ura.
"Hiriaren patuaz
arduratuko naiz
hurrengo urtean."
(nota bat hozkailuan).
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Mandarina baten erdian jaio nintzen.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Marylin Monroe
ispilura gerturatu da.
Azken ukituak ematen ari da,
X jaunarekin dago gelditua.
Makillaje oro amarrua da.
Ahuntzaren eztula!
Hartzaren indarra!
Arranoaren begia!
Inurriaren laztana!
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Saharan nago
odola edaten,
Xaia ez da agertu
eta hondar-bainuak kalte egin dit.
Izerditan blai.
Basamortuko bluesman-ak
kitarra sokak hautsi ditu, guztiak,
eta aurtengo elkartasun kamioiek
ez dakartzate sokarik.
Sahara hain da zabala, eta itsasoa hain dago urrun.
Izotzaren hotsak.
Gramatika oro zaldi ero bat da
bakero bat duela atzetik segika.
Adierazia eta adierazlearen arteko
...
adurra
...
(Honek azalpen bat eskatzen du).
Barandiaranek dio
euskal pentsakera magikoan
adierazia eta adierazlea
indar berezi batek lotzen
dituela,
sorginkerientzako funtsezkoa dena.
Adurra.
Adierazia eta adierazlea lotzen dituen
lokarria.
Begia eta paretako zaldia lotzen dituen espazio
hutsa.
Baina mundu hori galdua da.
Adur oro amarrua da.
Sitarra eta mikrotonoa.
Sitarrak esan zion mikrotonoari,
-bizi al haiz?
Mikrotonoa esaldi berri batean ezkutatu zen.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Mundua.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Platon jaio zen egunean
mundu oso bat hil zen.
Baina inork etzuen ondoriorik atera.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Poesia.
Trokarte urdinetatik
ezpainkari disolbatuak.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Urkia eta lizarra.
Sagarrondoak loretan,
barakuiluak otarretan.
Biologiaren amuak,
eta kulturaren amarruak.
Dialektika hortan
gure nahaskeria.
Biologikoki nola azaltzen da gezurra?
Kulturalki nola azaltzen da orgasmoa?
Zaldiak ikusten ditut
arbelean,
eta behor haurdunak
belearen hegaldian.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.
Willendorf-eko amama:
eskuzabaltasuna
sabel-betetasuna
etorkizun-tasuna...
badatorrenaren keria eta tasun guztiak... emakume eginak.
-keria! keria! keria!
-tasuna! tasuna! tasuna!
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Orri zuria
daukazu aurrean.
Kosmos txikitxoak
kaos haundiaren keriak
atertuz.
Kosmosa ere laukia da,
ordena daitekeen mundu txiki bat besterik ez,
zutarritzen gaituzten tasunen aterpe ñimiñoa,
mugarritzen gaituzten bideen argi,
mugarrijasotzaileen neke eta zorionen aterki
larrosa.
Kaos formagabe horrek,
berdin da A-8ko bihurgune batean,
izotzezko horma batean,
edo kaletik goazela teila batekin buruan...
beti itxarongo gaitu
edozein kosmos txikitxo baten kantoian,
ezustekoaren
ez-itxarondakoaren
ez-kosmosaren
bihurgunean, gugana
bihurtuko den
behor bihurri.
Kosmos oro amarrua da.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Palmondo eta datil artean jaio nintzen.
Sorgin zorrotzak
behi kaka artean
zelaietan hazten dira
balada berrien doinura.
Altzak ez du bihotzik
ez gaztanberak hezurrik.
Bihotz poesia.
Lekuonaren Euskal Ahozko Literatura. Herri poesia.
Dizdira batean naukazu.
Erreduplikazio amaitezinetan galduko nintzateke,
lurralde loopatu batean,
zure eguzkilore begietan
etorkizuna iragarriz.
Sagar haundi bat da
laukia.
Izpilukerietan,
isladakerietan,
itoko bagina
gogoratuidazu non gauden.
"Kalabazaren erdian jaio nintzan
kai bateko baratzian.
Hemen naukazu hodeiturikan."
Kai oro amarrua da.
"Ez da fan biar, in bar da geldittu"
esaten zuen honddarbiko sorginak.
Umetan eguraldiaz galdetzera joaten gintzaizkion.
Gerraz ari zen.
Gerra oro amarrua da.
-keria! keria! keria!
-tasuna! tasuna! tasuna!
Zaldiak ikusten ditut
arbelean,
eta behor haurdunak
belearen hegaldian.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.
Loak hartu nau
Parisko egun haiek oroituz,
pasieran, lasai ederrian...
maitasunaren gozotan.
Itsas zakar baten olatu errepikakorrek
eraman zuten dena.
Eta gero bakardade hau.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
Kontraesanak azaleratuz doaz.
Hortan bai ulertu nuen Marx.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Biharrezgaur batean naukazu.
Gaur idatzi didazu,
munduaren bestaldetik
muxuak bidaliz,
etzaitut ezagutzen
baina biharrezgaur batean naukazu.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Maitasuna.
Irakurri izan ditut zenbait liburu feminista. Nola
kultura eta naturaren arteko dialektika
erabili izan den
emakumea gutxiesteko.
Kultura eta natura.
Arrazoia eta irrazionala.
Modernoa... eta bestelakoa.
Dualitate baztertzaileak.
Zuribeltz-kerietan ibiltzeko
tradizio hau
hain da aspergarria.
-keria! keria! keria!
-tasuna! tasuna! tasuna!
Sorginen orduaren esperuan
egoten naiz asteburutan,
astoburutan zer ote dabilen...
eta emakume sabeletan behera datorren
mundu berriaren zain.
Hilekoa inoiz ez dut izan.
Baina aurrehistorian
misterio hura, orain ere badena,
nola biziko zuten pentsatu izan dut.
Ilargiari lotuta bizitzea,
(noski, gizonak ere bizi gara ilargiari lotuta)
nola biziko ote zuten aurrehistorian.
(Hori ez dago hitzez azaltzerik).
Badago lotu izan duenik erritual biologiko hori
harpeetako artearekin. Baina hori beste istorio bat da.
Biologikoki nola azaltzen da gezurra?
Kulturalki nola azaltzen da orgasmoa?
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Diz-diz batean naukazu.
Antropologoa
da.
Edo artearen historialaria.
Edo bideo-artista.
Edo dena batera.
Eivissako kala batean
egotea da
zure begietara begiratzea.
Biziberri bat besterik ez.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Sandia baten erdian jaio nintzen.
Sandia urtsu baten erdian.
Irla batean.
Nire amaren sabel hura hain zen sandia
ze denek jan nahi zidaten... postre gisa.
Zalaparta batean sartu zara
nire bizitzaren eretan.
"Elurra kolaxet" esaten zuen
erronkarieraren azken hiztunak.
"Kizonkue", ere bai.
Lagun batzuk joan ziren berari grabatzera.
Euskararen atzera-aurrera amaiezin honetan,
ezin-irten honetan,
asko dira ilunak
baina are gehiago argiak.
Hori bai: haserrearen gestioa euskaldundu behar dugu. Diñot.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Dar-dar batean naukazu.
Odolak tiraka.
Ortxata baten aurrean
egongo nintzen orain
zurekin,
edozertaz blagan.
Cadaques-en, adibidez.
Behiak ikusten ditut harrobietan amilduta.
Altzairuzko eraikin mardulak.
Limoi ura irakiten.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Larroxa eta beltza.
Emagina eta poeta.
"Gaur egungo jendeak ez daki sufritzen", esaten zenuen.
Chaos linguistics.
Chomsky oro amarrua da.
-Zaldiak mugitzen dira, amama!
-Ez dira zaldiak, behorrak dira.
Lauki bat da
buruko pantaila.
Esan nahi dut,
buru barruan
zinema bailitzan
dagoen pantaila,
ametsetan erabateko kontrola
hartzen duena.
Yogan-eta
asko erabiltzen da.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Talaiako hotsak
entzuten dira
eguerdiaren ederrean,
baleak dantzan egitera atera dira,
zozoaren hegaldia,
piku mermelada.
Gogoratzen zaitut
kafesnearen aurrean,
ogia gurinarekin igurzten eta hura azukretan jartzen.
Larrosaz jantzia.
Edo zure kapelu eleganteekin,
Donostira etortzen zinenekoa.
Beti izan zinen bingo-zalea.
Beltzez jantzia.
Edo zure aurpegiaren leuna,
"kimio"-ak are leunduagoa.
Zuriz jantzia.
Eta zure begi nabar eta nafarrak.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Memoria ere hala da.
Baina gatozen katuaren kalera. Bertan katuak, apoak, beleak, arrubioak, arranoak, igelak eta elefanteak biltzen dira, besteak beste. Bertan keria eta tasun guztiak kitatu eta zuritzen dira, beleak larrutu, arrubioek errubioz tindatzen dute burualdea, arranoek euren burua auto-zikiratzen dute, katuak kankailuka mozkortzen dira eta elefanteak igerilekutan bainatzen dira. Milaka mirari eta gauza harrigarri eta barregarri gertatzen dira. Hala ere, ez zaizkizu etorriko kazetariak galdezka.
-keria! keria! keria!
-tasuna! tasuna! tasuna!
Zaldiak ikusten ditut
arbelean,
eta behor haurdunak
belearen hegaldian.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.
"Aterki batean zenbat pertsona sartzen ahal dira?"
Hilea beltzez tindatua
agertu zinen.
Amatasunaren aukeran
borrokalari bakartua.
Ortzadarretan zabaltzen zara
egunerokotasunaren
bor-borrean.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Otsozelaia.
Katukalea.
Baleportua.
Arranoarana.
Apoputzua.
Kaiobadia.
Iñurribaratza...
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Biologikoki nola azaltzen da gezurra?
Kulturalki nola azaltzen da orgasmoa?
Biologiaren amuak,
kulturaren amarruak.
Nahaskeri hortan harrapatuta.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Hitz eta pitz.
Hizkuntzaz
hiztuz eta piztuz mundua
(gramatikaren sorginkeri lehena),
eta eskuaz eraldatuz,
kaosaren kiribiletan barrena.
Lauki bat zen.
Lauki bat da.
Willendorfeko amamak
egunero esaten dit
aintzina joan beharra dagoela
artea atzo hasi zela,
eta bihar bukatuko dela
espazio bizigarri
arnasgarri
atergarri
maitagarri
oroigarri
errepikagarri
bideragarri
hezigarri (eta ez hesigarri)...
...espazio birakari batean.
| Identifier: | LaukiBatZen_353 |
| Mediatype: | texts |
| Licenseurl: | http://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/2.5/es/ |
| Identifier-access: | http://www.archive.org/details/LaukiBatZen_353 |
| Identifier-ark: | ark:/13960/t51g0z491 |